Orri zatitxo baten aurrean
ohartu gabe doa denbora
idatzi nahi ez duen arkatza
alboan irrifartsu dudala.
Daukadan onena eman behar
onena jasotzen dudalako
zurekin ezin bada, zu gabe;
zurekin bada, nahiago ...
Hemen naukazu,
agertuko zaren zai
iraganaren orri txuria
betetzeko prest;
zure ahotsa
entzungo nuke nonnahi
belarrira baldin bada ere
xuxurlatuta.
Sinesten ez dutenen mirari
zure eskuetan naukazu sarri;
horrela sentitzen naiz goxoen,
honela egon ninteke beti.
Hemen naukazu,
agertuko zaren zai
iraganaren orri txuria
betetzeko prest;
euria zinen
eta busti egiten nintzen
zure besoetan urtzen zen
izotza nintzen.
Atzo gauean zurekin
egin nuen amets:
euria zinen
eta busti egiten nintzen.